Nolako BERRIA duzu gustuko?

Gaurkoan, BERRIA egunkariaren jarraipena egitera noa, berrien trataera desberdina egiten ote duten  aztertzeko: paperean, bertsio digitalean, sareetan...


Ikus daitekeenez, alde handia dago papera eta digitaleko bertsioen artean, denbora kontuagatik besterik ez bada ere, ia egun guztia pasatu da paperezko berriak sortu zirenetik digitalekoa jaso dudanera arte. 

Santa Ageda bezpera honetan, paperezko azalean, oihartzuna, Euskal Herrian bakarrik  duen gaia atera dute orri osora, gehien irakurrien artean laugarren postuan agertzen dena. Kulturako gai bat da, urteetan ahaztu xamarra, baina berriz piztu dena epaitegietan hasia delako.  

Eskuin aldetxoan, kirolak dira nagusi goiko partean, Palestinako futbol selekzioa eta Brasilgo eskiatzaileen kasuak hedatuz. Ez dira ohikoenak kirolarien artean baina biak dituzte erroak Euskal Herrian. Bi hauek, bost eta seigarren postuan daude irakurrienen artean. 

Matrikulazio kanpainan murgilduta gaudelarik ezin hutsik egin D ereduko aipamenen bat egitea, Gizarte atalekoa da, eta ez dirudi arreta larregi lortu duenik, hamazazpigarrena baita aipatutako irakurrienen zerrendan. 

Gerra zibileko gorpuzkinen berri bat azaltzen da, zientzia eta gizarte bitarteko gaia dena. Berri berdina atera da digitalean baina beste argazki batekin, askoz 'zientifikoagoa'; laborategiko langileen argazkia, hain zuzen. Ikusten da ez dela irakurle berberarengana iritsi nahi paperean eta digitalean, bi profil desberdinen bila dabiltza. Facebooken, azken horren antzeko bertsioa atera dute, laburxeagoa, eta Twitterren berriz, bakarrik elkarrizketatuaren irudi eta hitz gutxi batzuk besterik ez.  



Beheko kantoian ateratzen den gaia, palma olioarena Kongon, nabarmenduta atera da sareetan, bai Instagram eta baita Twitter eta Facebooken ere. Instagramerako ezkerreko argazkia aukeratu dute, kolore bixiago eta ume baten irudiarekin, eskuinaldekoa baino deigarriagoa suertatzen dela esango nuke, aproposagoa irudiak nagusi dituen sarerako. Bideorik ez dut ikusi bat bera ere. 


Azkenik, Europa eta Britainia Handiko arteko akordioei buruzko berri bat azaltzen da, arrantzari dagokiolako eta Euskal Herrian jakinmina piztu dezakelako, baina berri hori ez dut beste inon ikusi.

Bertsio digitaleko azaleko berri nabarmenduena atzerritarrei buruzkoa da; lan istripuan hildakoa eta atxiloketa bati buruzkoa ere argitara eman dutelarik. Ez da zientziari lotutako gairik ikutzen gaurkoan. 

Paperezkoaren 10. orrian badator 'Hamasei urtean %2a jaitsi dela minbiziaren tasa gizonengan'. Digitalean, berriz, koronavirusaren jarraipena egiten dute, Txagorritxuko kasuari erreparatuz eta Txinak gaixotasunaren aurrean huts egin duela aitortu duela esanez.

Irakurrienen artean, gauza aldatzen badoa ere, iritzi artikuluak eta gizarte gaiak dira nagusi. Kirolak ere badu arrakasta zerrenda horretan. Zientzi gai gutxi orokorrean eta bat bera ere ez, irakurrienen artean. 

Sareetan ikusi dudan maiztasunari dagokionez, orduoro ateratzen dira bizpahiru gai, bai Facebooken eta baita Twitterren ere; gehienetan, berberak. Instagramen, aldiz, egunean behin. Gaien luzera aldatu egiten da sarearen arabera, baina beti ere, zanpatu ezkero, berriaren bertsio digitalera eramaten zaitu gehiago jakiteko. Beraiek ez dituzte errepikatzen baina norbaitek txiokatu ezkero, berriz azaltzen da. Ez zait iruditu laket eta txio ugari dituztenik; gutxi batzuk, orokorrean.

Gaurko edizioan oso gutxi ukitzen dira politika gaiak: nahiz eta ingurua nahasi ibili, aipamen xumeak egiten dira, bai estatu politikari eta baita Europakoari ere. BERRIAk Euskal gaiak hedatzeko apostua egiten du eta baita gizarte mailako kezkak jasotzeko ere. Ez da makala, esan beharra dago, ahaztutako herrialdetako gaiak jasotzeko ahalegina, inor gutxik arreta jartzen dion hoietakoak, hain zuzen. 




Comentarios

Entradas populares